Orain dela bi aste Lizarran izan nintzen han ireki duten gazteentzako etxea ezagutzen. Zerbitzua udalak sortu badu ere, Escur enpresak kudeatzen du. Enpresa berak kudeatzen du Lizarrako Oncineda aterpetxea ere.

Gazteentzako etxe hori sorpresa izugarria izan da niretzat. Izan ere, hain da berezia, non Lizarran egon beharrean Bilbon egon zitekeen bere tamainagatik eta, ziur aski, kostatu den dirutzagatik.

Etxea, nahiz eta Lizarra erdian ez egon, oso toki onean dago. Berariazko eraikuntza da, hau da, gazteei zerbitzuak eskaintzeko apropos sortua. Etxez inguratuta dagoenez, intsonorizatuta dago, bizilagunak ahalik eta gutxien molestatzeko.

Lau solairuko etxea da eta bakoitzean zer dagoen azalduko dut.

Ganbaratik hasiko naiz, nire ustez gunerik bereziena baita. Zorua eta sabaia zurezkoak ditu, ispiluak hormetan, dantza, gimnasia, antzerkia eta, osasun fisikoarekin zerikusia duten jarduerak praktikatzeko prestatuta dago.

Bigarren solairuan administrarien bulegoak, gazteei informazioa emateko bulegoa eta balio anitzeko lau gela daude. Tailerrak, jolasteko gelak eta elkartzeko guneak ere, besteak beste, bertan daude.

Lehenengo solairuan, etxeko sarreran, beste solairuetara joateko pasabidea, taberna eta kontzertuak, erakusketak eta ikuskizunak eskaintzeko gunea daude.

Sotoan daude sukaldea, biltegia, musika entseguak egiteko bi gela, irrati eta grabazio estudioa, informatika gela eta ikus-entzunezkoen tailerra.

Etxea, esan dugun bezala, udalak eta enpresa pribatu batek kudeatzen dute. Udalak diru kopuru jakin bat jarriko du eta enpresak, berriz, haur, nerabe eta gazteei zerbitzuak eskainiko dizkie. Dena den, zerbitzu horiek guztiak ez dira doanik izango, batzuetan, jardueraren arabera, zerbait ordaindu beharko da eta.

Gazteek erabiltzen ez dutenean, enpresa kudeatzaileak instalazioa erabil dezake beste diru iturri batzuk eskuratzeko.