Arratsaldean abioia hartuko dugu Bilbora joateko eta handik Donostiara autobusez. Bidean Blanka, Johana, Maialen

eta Esther geratuko dira Arrasatera, Azpeitira, eta Azkoitira joateko
hurrenez hurren. Gu gaueko hamarrak eta laurdenetan iritsiko gara Gipuzkoa
Plazara.

Atzera eginda, egunak eman duena azaltzen saiatuko gara.

Goizeko hamarretan, Bartzelonako Diputazioaren Plan Jove bulegoan, hasi da Carles Feixa antropologoak `latin king´ bandei buruz eman digun hitzaldia.


Feixak denbora dezente darama gaia lantzen. Lehenengo Espainiako estatuko
gazte-tribuak eta gazte-taldeak aztertu zituen eta gero Ameriketako Estatu
Batuetako eta Hego Amerikako banda eta mara-fenomenoak.

Bere esanetan, fenomeno hauek ez dira berriak; izan ere, nerabe eta gazteak beti elkartu izan dira taldeetan eta, noizean behin, indarkeria erabili izan dute sistemaren kontra joateko, guraso edo nagusien ohiturak edo pentsamoldeak kolokan jartzeko edo lurraldea markatzeko. Azken batean, hori nortasunaren bila egiten duten bide bat
da.

Hirurogeiko hamarkadan ere, Katalunian Andaluziako migrazioa nagusi zenean, antzeko gertaerak izan ziren eta garaiko egunkariek “gamberros” eta “gamberradas” hitzak erabiltzen zituzten gazteak eta haien ekintzak definitzeko.

Gaur egun, estatuan, eta bereziki, Madrilen eta Bartzelonan etorkin kopurua altua da. Gehienek urteak daramatzate gure artean, ez dira iritsi berriak, eta euren familiak berrelkartu nahi dituzte hemen. Horrela gertatzen da Hego Amerikako etorkinekin. Gainera,
ia denak emakumeak dira eta bere egoera hobetzen denean senarra eta, batez ere, seme-alabak ekartzen saiatzen dira.

Zenbat eta txikiago diren seme-alaba horiek, orduan eta errazago izaten da harrerako herrian integratzea. Nerabeak direnean, ordea, zailtasunak sortzen dira, gizarteratzeko prozesuak herri arrotz batean gertatu behar du eta. Feixak nerabeen belaunaldi honi 1.5 belaunaldia deitzen dio. Gurasoena da 1.belaunaldia eta hemen jaioko direnena 2. belaunaldia, baina Hego
Ameriketan jaio eta hona etorritako nerabeak 1.5 belaunaldikoak dira.

Gurasoen gizarteratzea lantokietan izaten da, anai-arreba txikienena, berriz, eskolan; baina nerabeek ez dute topatzen bere tokia eskolan eta oraindik gazteak dira lan merkatuan sartu eta bertan gizarteratzeko. Azkenean, ez eskolan, ez
etxean toki propiorik aurkitu ezinda, gune publikoetan edo aisialdiko guneetan bilatuko dute beren lekua. Taldeetan elkartu eta AEBko edo Hego Ameriketako banden estetika, ohiturak eta errituak imitatzen dituzte.

Beraz, kaleko zenbait txoko okupatu eta erabiltzen dituzte elkartzeko eta komunitate edo talde irudia egiten saiatzen dira. Horretarako janzteko era, musika, dantza bereziak eta erritualak sortu edo inportatu egiten dituzte bere egiteko. Gainera, lehen esan dugun moduan, bortizkeria ekintza puntualak ere sor daitezke, beste gazte-talde batzuetan sortzen diren moduan.

Bestalde, adituaren iritzian, fenomenoa ondo ulertzeko komunikabide sentsazionalisten papera ere kontuan hartzekoa da. Izan ere, komunikabide horiek puztu egiten dituzte etorkin gazte-taldeek biolentziarekin dituzten harremanak eta testuingurutik at aztertzen dute fenomenoa.

Feixaren iritzian, horiek izan daitezke, besteak beste, Espainian Hego Amerikako inmigrazioaren gaztetze-fenomenoaren ezaugarriak. Dena dela, adituak dio oraindik ez dugula banda latinorik eta dauden talde horien helburuak ez direla biolentzia eta delinkuentzia. Hala ere, lelo hori behin eta berriz errepikatzen badigute, azkenean egi bihurtuko da eta saihestu nahi duguna zabaldu baizik ez dugu egingo. Edozein moduz, gazte-talde hauek badaudela jakinaraztea beharrezkoa dela deritzo.

Bartzelonako kasua aipatu zuen adibide gisa. Hiri horretako udalak, zenbait erakundek eta adituk sustatuta, bertako latin king taldea gazte-elkarte bezala legeztatzea lortu dute. Ñeta taldeen kasua ere prozesuan omen dago.

Bartzelonako eredua baliagarria izan daiteke beste hiri batzuetarako eta Genoa, Guayaquil, New York edo Madril, besteak beste, gaia aztertzen ari dira, dinamika propioa martxan jartzeko.